Ostirala, 2020.eko Otsailak 28
Ekitaldia datorren martxoaren 3an egingo da, 19:00etan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregian. Ricardo Ugarteren eskultura bat izango da saria. Coro Fuentes, Mari Ayestaran, Erraketistak eta Nieves Alza saritu zituzten lehen lau edizioetan
Carmen Adarraga V. Saria Arantza del Puertorentzat da, futbolari lotutako bizitza osoagatik eta kirol honetan egindako ibilbideagatik. Futbol ibilbide guztia bere bizitzako klubean egin zuen, Añorga Kultur eta Kirol Elkartean. Selekzioan ere nabarmendu zen (nazioarte mailan partida gehien jokatu dituen historiako bigarren jokalaria da, 80 partidarekin). Horrela, 1997ko Emakumeen Eurokopa jokatu zuen selekzioarekin, nazioarteko txapelketa bateko lehen parte-hartzean, eta hirugarren postuan amaitu zuten. Erretiratu ondoren, entrenatzaile eta zuzendari gisa jarraitu du bere ibilbidea.
Carmen Adarraga Sariaren helburua da beren jarrera edo ibilbidean kirolean bideak irekiz, berdintasunaren aldeko aldaketa eta eraldaketa sozialak eraginez nabarmentzen diren pertsonen jarduna saritzea eta publikoki aitortzea.
Sariaren bidez, pertsona horiek nabarmendu nahi dira, zeinak mugarri baitira kirolaren munduan nesken eta emakumeen beste belaunaldi batzuei bidea irekitzeko. Pertsonak horiek zeinak, kirolaren bidez, emakume belaunaldi berriei eusten baitiete eta inspiratzen baitituzte, hartara gizarte bidezkoago, orekatuago eta askeago eraikitzeko. Saria oroitzapenezko objektu bat eta aintzatespen publikoa da, eta ez du ordainsaririk.
Harkaitz Millan Kulturako diputatuak kirolak, balioen tresna gisa, duen garrantzia azpimarratu du, hala nola berdintasuna, zeinarekin Kultura Departamentuak konpromiso sendoa baitu: kirola plataforma bikaina da emakumeek gure gizartean duten presentzia eta lorpenak ikusarazteko. Carmen Adarraga Sariaren bitartez, kirolean eta bizitzako beste arlo askotan beren onena ematen duten eta helburu garrantzitsuak lortzen dituzten emakume askoren lana aitortzen da, borroka bikoitzari aurre egin behar diotelako eta, beraz, meritu bikoitza dutelako. Gure ustez, aitortza hori bidezkoa da eta erreferentzia izan behar du horrelako sariak beharrezkoak ez diren etorkizun baterantz joateko, esan du Millanek.
Carmen Adarraga izan zen emakume horietako bat. Emakumeen kirolaren aitzindari bat Gipuzkoan, zailtasunak askoz handiagoak ziren garai batean, bereziki emakumeentzat. Emakumeek beren zaletasuna justifikatu egin behar izaten zuten, gizarteak ez baitzuen begi onez ikusten emakumeek kirola egitea, eta askok eta askok ez zuen gauza naturaltzat jotzen.
Testuinguru horretan, Carmen Adarraga (Hernani, 1921-2004) Espainiako saskibaloi selekzioko kapitaina eta hiru aldiz Espainiako txapelduna izan zen, Gipuzkoan kirol horretako gizonezkoen talde bat izan aurretik lehiatzen zen talde batekin. Baina ez zen saskibaloira mugatu haren jarduna; eskubaloian estatuko txapeldunordea izan zen, eta belar hockeyko jokalari bikaina ere bai. Ezagutu zutenek diotenez, dena naturaltasunez egin zuen, eta betiere kirolarekiko maitasuna transmitituz. Bidaiak hala moduz egin behar izaten zituen, kirola egiten zuten emakumeak ia-ia jazarpena pairatzen zuten garai hartan, baina hori ez zen oztopo izan Donostiako Sección Femeninako kapitaina zela Espainiako hiru titulu irabazteko eta beste behin txapeldunorde gelditzeko 1939 eta 1942 bitartean. Horrez gain, Espainiako saskibaloi selekzioko lehenengo kapitaina izan zen.
Millanek azpimarratu duenez, Gipuzkoak bere kirol unerik onenetako bat bizi du eta hori horrela da, neurri handi batean, lurraldeko emakumeek aspaldidanik maila bikaina erakusten dutelako.
Azken hiru edizioetako irabazleak
Coro Fuentes
Lehen edizioan Coro Fuentes atleta izan zen saritua. Emakumezkoen kirolarentzako garai zailetan lehiatu zen atleta aitzindaria izan zen Fuentes. Berak beste emakume batzuei bidea ireki zien, eta kirolean mugarri markatu zituen.
60ko hamarkadan hasi zen Fuentes, oso gazterik, atletismoan lehiatzen, fondo erdiko probetan eta krosean beste aitzindari batzuekin batera. Garai zailak ziren emakumezkoen kirolarentzat. Bost aldiz izan zen Espainiako txapeldun aire librean eta hiru aldiz pista estalian, eta Europako Junior Txapelketa batera joateko gutxienekoa lortu zuen Estatuko lehen emakumea izan zen. Espainiako 17 errekor gainditu zituen. Gipuzkoako atleta onena izendatu zuten 1969an eta 1970ean. 9 aldiz izan zen internazionala. Josefina Salgadorekin eta Belen Azpeitia gipuzkoarrarekin batera, Europako Txapelketa batera joan ziren lehen emakume espainiarrak izan ziren. Gaur egun, ia 50 urte geroago, atletismora lotuta jarraitzen du Uliako Gimnastikan.
Mari Ayestaran
Bigarren edizioan, Carmen Adarraga Saria Mari Ayestarentzat izan zen. Kirolari donostiar hau giltzarri izan da Real Sociedad belar hockeyko taldean, lehendabizi jokalari gisa eta, ondoren, entrenatzaile gisa. Nazioarteko 89 partida ofizial jokatu zituen ?Europakoak, mundu mailakoak eta lagunartekoak?, eta estatu mailako selekzioak 1971 eta 1984 bitartean jokatutako norgehiagoka guztietan parte hartu zuen.
Bere taldea Espainiako txapelduna izan da gazteen mailan, belar eta areto modalitateetan; areto hockeyko txapelduna izan zen Madrilen 1976-77 denboraldian; belar hockeyko txapelduna Santanderren, Espainiako txapelketako azken fasean, 1980-81 denboraldian; eta Real Sociedad taldeak titulua eskuratu zuen 1985-86 denboraldian sortu zen Ohorezko Mailako Ligan. Erreginaren bi kopa ere eskuratu zituen.
1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan, Ayestaranek entrenatzen zuen hockey taldeko hiru jokalarik urrezko domina lortu zuten. Teresa Motos, Nagore Gabellanes eta Maider Telleria ??urrezko neskak? izenez egin ziren ezagun? olinpiar urre bat zintzilikatu zuten lehen emakume gipuzkoarrak izan ziren.
Erraketistak
Hirugarren Carmen Adarraga Saria erraketistentzat izan zen. Euskal frontoietan, 1917 eta 1980 artean, profesionalki jokatu zuten emakumeen kolektibo bat izan zen. Frontoietan jokatzen zuten emakume haiek munduko lehen kirolari profesionalak izan zirela uste da. Emakumea pilotaren munduan sartzeko aurretik hainbat saiakera egin baziren ere, 1917an Ildefonso Anabitarte enpresari donostiarrak hainbat gazte Madrilera eraman eta bertan jarri zituen jokatzen. Frontoi txikietan jokatzen zuten, abiadura handian, inolako babesik gabe eta ikuskizun bermatuarekin.
Arrakastaren harira, frontoiak ugaritu egin ziren, bai Espainian, bai Amerikan. Hedapen horrek pilotariak eskatzen zituen, eta, ondorioz, erraketa eskolak sortu ziren. Etxea 15 urte ingururekin uzten zuten, eta behin pilotari bikain bihurtuta, gehienek familiari dirua bidaltzeko adina irabazten zuten. Emakume aitzindari horiek, oro har, gaizki ikusiak izan ziren Euskal Herrian, garai hartako emakumearen moldearekin bat ez zetozelako; kanpoan, ordea, haietako askok arrakastaren eztia probatu zuten, eta kirolean genero berdintasunean aitzindariak izan ziren, garai hartan planteatzen zitzaizkien zailtasunak gorabehera.
Nieves Alza
Laugarren Carmen Adarraga Saria Nieves Alzarentzat izan zen, aitzindaria izan baitzen emakumezkoen kirol klub bat zuzentzen, saskibaloiko jokalaria, entrenatzailea, zuzendaria eta Hondarribiko Klubaren sortzailea; horrez gain, bere ibilbidearen hasieran ustekabeko kotak lortu zituen, estatuko talde onenekin lehiatuz eta Europan jokatuz. Azken berrogei urteetan borrokalari nekaezina izan da, eta bere hiriko -Hondarribia- urrezko intsignia jaso zuen, Bidasoa eskualdean emakumezkoen saskibaloiaren bultzatzailea izateagatik eta kirol hori zabaltzeko egindako lanagatik; izan ere, jaso zituen kritikak eta oztopoak gainditu zituen eta, orain, urteak igaro ahala, erreferente da emakumezkoen egungo saskibaloian.
eibar s.a.d.
eldense c.d.
villarreal c.f. s.a.d.
at de madrid c. s.a.d.
san ignacio c.d. 1
beasain s.d. 1
pasaia k.e. 2
anaitasuna c.d. 0
lagun onak c.d. 1
basconia c.d. 2
cultural deportiva durango 3
añorga k.k.e 1