Osteguna, 2024.eko Abenduak 5
Gipuzkoan neskak beste lurralde batzuetakoak baino aktiboagoak dira eta kirol antolatu gehiago egiten dute, baina gurean ere, nesken eta mutilen arteko arrakala handia da Multikirola (MK) programako parte-hartzeari dagokionean. Azken urteetan datuak hobetu badira ere, parekotasuna lortzeko bidea luzea da oraindik, eta Gipuzkoako eskola adineko kirol eragileentzat lehentasunezko helburua da.
Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA) MK programan genero eta LGTBI ikuspegiak txertatzeko erronkari heldu dio aurten FARAPI elkartearekin elkarlanean. Hala, 2024ko maiatzetik azarora garatu da prozesuaren lehen fasea, GFAko Kirol sailak egindako eskaerari erantzunez. Bertan, Kirol saileko arduradunekin bi bilera egin ziren, gaira gerturatu eta kezka eta korapilo nagusiak identifikatzeko.
Ondoren, bi saio egin ziren askotariko eragileekin: GFAko kirol eta partaidetza sailetako arduradunak, genero eta LGTBI politiketan aditu/arituak eta MK programako koordinatzaileak. Saio hauek 3 orduko iraupena izan zuten eta bi helburu nagusi izan zituzten: MK programaren oinarriak dokumentuaren genero eta LGTBI irakurketa kolektiboa egitea, batetik, eta hobetzeko proposamenak azaleratzea, bestetik.
Lanketarako eta hausnarketarako lan-ildoei dagokienean, honakoak azaleratu ziren: programaren diseinua, edukia eta metodologia, eta antolakuntza-eredua. Azken honek, hain zuzen, inplikatutako agente bakoitzari dagozkion lanketarako gaiak jasotzen ditu.
Datorren urtera begira, lan-ildo horietan oinarrituta, neurriak hartzeko eta proposatutako hobekuntzak ezartzeko bideari ekingo dio GFAko Kirol sailak