Asteazkena, 2024.eko Abenduak 18
Andorrako Gobernuaren ordezkaritza batek, Alain Cabanes Gazteria eta Kiroletako Estatu idazkaria buru duela, Donostia bisitatu du gaur, Gipuzkoako kirol eredua eta Foru Aldundiak lurraldeko kirol federazioei eskaintzen dizkien zerbitzuak bertatik bertara ezagutzeko asmoz.
Bisita Kirol Etxearen inguruan antolatu da, eta, horri esker, Andorrako ordezkariek azpiegitura honen funtzionamendua ezagutu ahal izan dute. Azpiegitura horrek Gipuzkoako kirol-federazioak biltzen ditu eta lurraldeko kirol-sarea indartzeko baliabideak zentralizatzen ditu.
Gipuzkoako kirol federatuaren eredua Lurraldeko bereizgarrietako bat da, 48 kirol modalitate eta 71.000 pertsona baino gehiagoko federatu kopurua baititu. Gipuzkoan, kirol federatuak 71.135 kirolari ditu (18.748 emakume eta 52.387 gizon), 4.862 teknikari (681 emakume eta 4.181 gizon) eta 1.739 epaile (453 emakume eta 1.286 gizon). Gainera, 3.955 joko-txartel eman dira (843 emakumeentzat eta 3.112 gizonentzat), bereziki kirol hauetan: txirrindularitza, neguko kirolak, etab. Andorrako ordezkaritzak interesa agertu du Gipuzkoako Eskola Kirolean, 6 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteen artean kirola egitea sustatzen baitu.
Andorrako Ordezkaritza Aldundiko Kirol Departamentuko ordezkariekin lan-bilera bat izan du. Bertan, erakundeen eta federazioen arteko harremanak, kirol federatuaren kudeaketa eta errendimendu handiari laguntzeko programak bezalako gaiak jorratu dira. Elkarlanerako eta elkar ikasteko giroan egin den bileraren ondoren, parte-hartzaileek Kirol Etxeko instalazioak bisitatu dituzte.
Goizane Álvarezek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputatuak, truke horien garrantzia azpimarratu du: "Kirola komunitateak lotzen dituen eta ahalegina, berdintasuna eta elkartasuna bezalako balioak sustatzen dituen hizkuntza unibertsala da. Pozik gaude gure esperientzia partekatzeaz eta Andorrako eredutik ikasteaz, kirol federatuaren garapenean elkarrekin aurrera egiten jarraitzeko".
Bestalde, Alain Cabanesek Gazteria eta Kiroletako Estatu idazkaria positiboki baloratu du jardunaldia: " bisita eta topaketa oso interesgarria Goizane Álvarez diputatua eta haren taldearekin, gobernantza onaren metodoa partekatzeko instalazioen eta federazioen kudeaketari dagokionez. Kirol Etxearen eredua Ordinoko Kirol Teknifikazio Zentroan aplika daitekeen eredu interesgarria da. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanak mantentzeko ere balio izan du topaketa honek, bai kirol mailan, bai erakunde mailan.
Jardunaldia amaitzeko, bi aldeek konpromisoa hartu dute kirol-esparruan izan daitezkeen lankidetzak aztertzeko eta jardunbide egokiak trukatzeko komunikazio-bideak irekita mantentzeko.