Osteguna, 2024.eko Abenduak 19
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuak 2023-2025 aldirako Kirol Ekipamenduen Planari dagozkion dirulaguntzen banaketan aldaketa bat egitea onartu du. Programa horren bidez, "10 gipuzkoarretik 7k beren instalazioak zuzenean hobetuta ikusi ahal izango dituzte", gogorarazi du Goizane Álvarez Kiroletako diputatuak. Eguneratze hori Kirol Zerbitzuaren txosten batean oinarritzen da, non hainbat arrazoirengatik laguntzak doitzeko beharra adierazten den. Hori dela eta, aurretik onartutako dirulaguntza batzuk ondoriorik gabe geratzen dira, eta beste batzuk, aldiz, erakunde berriei ematen zaizkie.
Alvarezek nabarmendu duenez, "kirol ekipamenduetara bideratutako baliabideen banaketan malgutasuna funtsezkoa da Gipuzkoako kirol azpiegiturak ahalik eta baldintza onenetan mantentzen direla bermatzeko, gure udalerrien benetako beharretara egokituz. Doitze horrek adierazten du kirol-guneak etengabe hobetzeko konpromisoa dugula, bai hasieran dirulaguntza osoa jaso ez zuten herrietan, bai orain laguntza handituko zaien proiektuetan".
Eguneratzeak lau udalerriri eragiten die, eta berresleipen horren onuradun izango dira.
Diputatuak azpimarratu duenez, "Aldundiko Kirol Departamentuak kirolarekin duen konpromisoa berdin islatzen da jarduera fisikoaren sustapenean, bai eta guztiek kirola egiteko aukera izateko helburuarekin azpiegituretan egindako inbertsioan ere. Ekipamenduak modernizatzearen aldeko apustu sendoa egiten ari gara, baliabide publikoak modu eraginkorrean bideratuko direla ziurtatuz eta udalerri bakoitzaren behar eta lehentasunetara egokituz".
2023-2025 aldirako Kirol Ekipamenduen Planaren helburua da Gipuzkoako udalerrietan kirol azpiegiturak hobetzen, berritzen eta modernizatzen laguntzea, herritarrei eskaintzen zaizkien kirol zerbitzuen irisgarritasuna eta kalitatea sustatuz.