Asteazkena, 2026.eko Otsailak 18
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak, Espainiako Eskubaloi Federazioak eta Begisare Elkarteak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur, 12:30ean, irisgarritasuna, inklusioa eta gizarte sentsibilizazioa indartzeko Ilunben jokatzekoa den 2026ko Eskubaloiko Erreginaren Kopa dela eta.
Sinadura ekitaldia Donostiako Aquariumean egin da, txapelketaren zozketa ofizialaren aurretik, eta bertan izan dira Goizane Álvarez Kultura eta Kirol diputatua, Paco Blázquez Espainiako Eskubaloi Federazioko presidentea eta Xabier Latorre Begisareko idazkaria.
Urrats aitzindaria: zuzeneko audiodeskribapena partida guztietan
Akordioak lehiaketaren urrats aitzindari bat ezartzen du ardatz nagusi gisa: txapelketako partida guztien eta MiniKoparen finalaren zuzeneko audiodeskribapena, ikusmen urriko pertsonek gainerako pertsonen baldintza berberetan jarraitu ahal izan dezaten txapelketa, Escoita plataformaren bidez.
Kultura eta Kiroletako diputatu Goizane Álvarezek adierazi duenez, "irisgarritasuna ez da mesede bat: eskubide bat da. Kirol ekitaldi handi batek herritarren zati bat kanpoan uzten badu, ez da erabateko arrakasta. Kopa inklusiboagoa, askotarikoagoa eta bidezkoagoa nahi dugu, eta hori ez da diskurtsoen bidez lortzen, neurriak hartuz baizik. Benetako berdintasuna erabaki zehatzekin eta baliabideekin eraikitzen da: oztopoak eraisteko bitartekoak jartzea politika publiko erabilgarriak, aurrerakoiak eta feministak egitea da, eskubideak zabaltzen eta desberdintasunak murrizten dituzten horietakoak".
Ikusgarritasun eta sentsibilizazio ekintzak txapelketan zehar
Audiodeskribapenaz gain, hitzarmenak Begisare elkartea Koparen esperientzian integratzeko neurriak jasotzen ditu:
Begisarek, bestalde, audiodeskribapenerako baliabide espezifikoak ezartzen eta komunikazio irisgarritasunari buruzko aholkularitzan lagunduko du.
Konpromiso egiaztagarriak dituen hitzarmena
Hitzarmenak izaera administratiboa du, ez dakar zuzeneko kontraprestazio ekonomikorik, eta jarraipen batzorde bat aurreikusten du alde bakoitzak izendatutako arduradun banak osatua, ekintzak koordinatu eta ebaluatzeko. «Inklusioa ekintzen bidez neurtzen da, alegia, begiratuta ea pertsona batek aukerarik duen oztoporik gabe ekitaldiaz jabetu, ulertu eta gozatzeko. Eta oztopoak baldin badaude erakundeak horiek kentzeko gaude, eta ez normalizatzeko» esan du amaitzeko Alvarezek.
Escoita plataforman informazio gehiago: