Asteazkena, 2024.eko Azaroak 13
Enrique Garcia Bengoechea - Ikastetxeen papera adin txikietan
Limerickeko Unibertsitateko (Irlanda) Osasunerako Jarduera Fisikoaren Ikerketa Zentroko ikertzaile bisitari seniorra
Jarduera fisiko eta kirol-jarduera egokietan erregulartasunez parte hartzeak errendimendu akademikoa eta eskolarekiko konpromisoa hobetzen laguntzen du, haurren eta nerabeen garapen osasuntsurako ezinbesteko premia izateaz gain. Horregatik, nazioarteko erakundeek eskubide gisa onartu dute haurrek eta nerabeek jarduera horietan parte hartzea.
Estatuko eta nazioarteko gomendio eta politika askotan islatzen diren ebidentzia zientifikoek argi erakusten dute ikastetxea testuinguru aproposa dela jarduera fisikoa bultzatzeko. Horregatik, ikastetxeen bidez jarduera fisikoa egiteko aukerak areagotzeko asmoz, osasuna aintzat hartzen duten eskolen ikuspegi integrala landu du Osasunaren Mundu Erakundeak; eta ikuspegi horren arabera, aukerak sortzeko funtsezko elementua da eskola-ordutegiaren barruan eta kanpoan kirol-jarduera eskaintzea.
Hain zuzen, ikastetxeek kirol-hastapenean laguntzeko baliabideak dituzte eta, gainera, eskola-komunitateko eragileek (gurasoek eta ikasleek) diseinatutako hezkuntza-proiektu koherente baten barruan kokatzen dira. Horrez gain, ikastetxeek lankidetza-loturak dituzte beste erakunde komunitario eta gizarte-erakunde batzuekin, hala nola, federazioekin, kirol-klubekin, udalekin eta jolas-zentroekin. Beraz, agente ezin hobea dira ikasleen ingurune hurbilean dauden baliabideak aprobetxatzeko, eta baliabide horien bidez, kirol-jarduera egiteko aukera osagarriak sustatzeko.
Eskola-adineko kirolean esperientzia positiboak sortzeko modurik onena bizitza aktiboa eta osasungarria bultzatzea da, eta ikasleen interesak, gaitasunak eta eskubideak kontuan hartzea. Horregatik, ikastetxeek gidatutako kirol-hastapen jarduerek paper garrantzitsua dute guztiontzako kirola sustatzerako orduan, ekitate- eta inklusio-logika bat erabiliz; logika hori, aldi berean, ideal eta helburu sozial garrantzitsua baita.
Nagore Martinez Merino - Denontzako eskola kirola
Jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietako ikertzailea, Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasle atxikia eta Gizartea, Kirola eta Ariketa Fisikoa Ikerkuntza Taldeko (GIKAFIT) kidea.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Eskola kirol programak, badu esanguratsu egiten duen desira bat: denontzako eskola kirola izatea, eta ipar horren bidean lan egitea. Zer da ordea, denontzako eskola kirola? Gorputz guztientzako eskola kirolaren eskaintza izatea, bakoitzaren gaitasun, ezaugarri zein abilezia ezberdinek tokia izango duten espazio seguru bat, gure haurrek kirolaz zein jarduera fisikoaz goza dezaten.
Nola bermatu ordea, gorputz guztientzako eskola kirola? Pentsatu beharko genuke, gorputz guztien parte-hartzea zerk egiten duen posible, eta zerk zailtzen duen. Egituratutako arau eta eredu hertsiek, zenbait gorputz esparru horretan eroso mugitzea ahalbidetzen duen arren, beste zenbait eremutatik at uzten dituzte. Badaude, ordea, gorputz guztien presentzia errazten duten gako batzuk, hala nola, lehiaketa eta emaitzaren gainetik, garrantzia prozesuari ematea. Nolanahi ere, egia da egun haur eta gorputz guztientzako eskola kirol ereduan lanean ari garela.
Zentzu honetan, aipatu beharra dago Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioa aitzindaria izan dela Gipuzkoan, Eskola Kirol Egokitua (EKE) programa sortuz. Espazio honek, zenbait abantaila izan ditzakeen moduan, begi-bistara ekartzen digu eredua ez dela guztiz inklusiboa oraindik. Asmo horri erantzun nahian sortu zen Eskola Kirol Inklusibo (EKI) programa.
Inklusioa definitzeko garaian, iritzi ezberdinak daudela jakinda, gure ustez, inklusioa, aniztasunari ongietorria ematen dion ariketa da. Sarritan, inklusioa, aniztasun funtzionala duten haurren hezkuntza beharrei lotu zaien arren, begirada aldatzera animatu nahi zaituztegu. Beharbada, arazoa ez da sistemara egokitu ezin daitekeen gorputz horietan, gure begiradan baizik. Nondik begiratzen dugu gorputz hori? Zergatik bihurtzen da toki batzuetan beraien parte-hartzea zaila/ezinezkoa? Izan ere, gure aburuz, inklusioa ez da aniztasun funtzionala duten haurren kontu bat soilik, haur guztiei ikasteko eta parte hartzeko aukera bermatzen dien hezkuntza proiektua baizik. Hau da, hezkuntza eta eskola kirol inklusiboak, aniztasunari ongietorria ematearekin batera, bazterketa soziala gainditu nahi du. Desberdintasunaren balioa erakustea eta haur guztien ahalduntzea bultzatzea da esku artean dugun erronka.
Hezkuntza, eskubide kontua dela onartzen badugu eta eskola kirola, hezkuntza esparruan kokatzen denez, honen ardura dugunok ezin dugu ahaztu haur eta gorputz guztiei eskaini beharko geniekeela jolasteko eta esperientzia motor esanguratsuez bustitzeko aukera. Guztiek izan behar dute tokia eskola kirolean. Inklusioa, beraz, erronka etiko bat da, eta hezkuntza zein eskola kirola horretarako giltza izan daitezke. Gorputz guztiak nahi ditugulako gure eskola kirolean, goazen guztiontzako eskola kirola eraikitzen jarraitzera.
Juan Carlos Manrique - Eskola-kirolean espezializatzearen arazoa
Segoviako Hezkuntza Fakultateko irakaslea (Valladolideko Unibertsitatea) eta Segovian eskola-kirola ezartzeko 11 urtez lan egin zuen PIDEMSGko ikertzaile-taldeko kidea.
Pertsona orok kirolarekin duen lehen harremana eskola-ingurunean izan ohi du. Horregatik, familien nahia izaten da seme-alabek, jarduera fisikoaren bidez, bizimodu osasungarria garatzea, beren ekintzen kontrola berenganatzea, lagunekin harreman positiboak izatea eta beren trebetasun fisikoak indartzea.
Testuinguru horretan, eskola kiroleko programek kirol anitzeko jarduerak, jarduera ludikoak eta bi sexuek partekatutako ekintzak antolatzea komeni da, ikasle guztiak barne hartuta. Hori lortzeko, hainbat egokitzapen planteatzen dira bai entrenamenduetan eta baita lehiaketetan ere, parte-hartzaileen garapen-beharren eta trebetasun-mailaren arabera, eta emaitzen gainetik, prozesua lehenestsiz. Guk ere halaxe jasotzen dugu Segoviako Eskola Kirolaren Programa Integralean.
Hala ere, kontuan izan behar da kirolari asko oso gazterik hasten direla nabarmentzen, eta ezaugarri indibidualetara egokitzea premiazkotzat dugun honetan, talde hauei erreparatzea ezinbestekoa da, bikaintasunak hainbat berezitasun dituelako. Dena den, kirol-espezialitate bakar baten entrenamenduan arreta jartzeak, ordutegi-karga fisiko eta psikologiko oso zorrotzarekin, ondorio kaltegarriak ekar ditzake, hala nola, haurrak interesa galtzea edo emozioak ahitzea, entrenamenduetan exijentzia handia dagoelako edo lehia-emaitzarik ez dagoelako; lesioak izatea, mugimendu eta muskulu-talde berberak modu errepikakorrean lantzen direlako; beste kirol-modalitate batzuk praktikatzeko baliagarriak diren gaitasunak ez garatzea; edota helburu lortezinak jartzea, etorkizuneko harremanak kaltetuz.
Ondorioz, argi ikusi da kirol anitza praktikatzearen onurak espezializazioarenak baino nabarmenagoak direla lehen urteetan, eta etorkizuneko kirol-errendimenduarentzat positiboa den esperientzia osasuntsu eta orekatua sustatzen dutela.
bm. loyola
ereintza aguaplast
il capo hondarribia - bidasoa
egia teila fabrika
tolosa c.f. eskubaloia
balonmano barakaldo
anaitasuna
mek eibar eskubaloia
bm. utebo vg
labarra-nikol pulpo ek
blendio sinfin santander
amenabar zarautz z.k.e.