Osteguna, 2024.eko Abenduak 19
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuak eta Garberak gabon hauetan familian egiteko hiru zumba saio antolatu dituzte doan. Jarduera foru erakundeak garatzen duen Emakumeok Mugimenduan programaren barruan kokatzen da, eta bere helburua da emakumeek egiten duten kirola hurbiltzea eta ikusaraztea. Hala, hiru hitzordu berri horiek gehitu behar zaizkie urteko azken hiruhilekoan emakume helduei zuzendutako zumba eta defentsa pertsonaleko zortzi jarduerei, bai eta ekainetik azarora bitartean emakumeentzat abian jarritako running-entrenamenduei ere.
Kontuan hartuta lurraldeko haurren oporraldia ostiral honetatik aurrera hasiko dela, Kirol Departamentuak eta Garbera merkataritza-zentroak erabaki dute hiru saio gehigarri antolatzea, kirol jardueraren bidez seme-alabekin denbora tarte on bat igaro nahi duten amentzat. Horrela, Eureka Dance dantza eskolako zuzendari Oliber Nestarrek emango ditu zumba eskolak, abenduaren 23, 26 eta 27an, 10:30etik 11:30era, merkataritza-guneko Media Markt plazan.
Kiroletako diputatu Goizane Álvarezek adierazi duenez, ekimenak hiru helburu ditu: "kontziliazioa, familian kirola egitea eta mutikoak kirol-diziplina feminizatuetara hurbiltzea, hala nola dantzara, zailtasun handiagoak izaten baitituzte mutil adingabeen artean aukera gisa kokatzeko".
Hiru saio horiek urteko azken hiruhilekoan emakume helduei zuzendutako zortzi saioei gehitzen zaizkie. Bai zumbakoek (50 lagunentzako lekua zuten), bai defentsa pertsonalekoek (gehienez ere 20 lagun joan zitezkeen horietara) "beteta" kartela jarri dute saio bakoitzean.
Diputatuak azpimarratu duenez, "oso pozik gaude izan duten harrerarekin. Eskaintzen ziren 280 plazetatik, bertaratutakoen erdiek hainbat saiotan errepikatu dute, eta, beraz, ehun emakumek baino gehiagok parte hartu dute ekimen honetan. Eta horretan datza EM programa: kolektibo horrek egiten duen kirola ikusaraztea, haren irisgarritasuna erraztea eta emakume ez-aktiboen tasa murriztea.Badakigu oztopo asko aurkitzen ditugula kirola egiteko, hala nola kontziliazioa edo denbora kudeatzeko zailtasunak; horregatik, dinamika horiek, egunean ia 9.000 emakume igarotzen diren espazioetan, ikusgarritasuna eta irisgarritasuna konbinatzeko modu bat da, eta, aldi berean, emakumearen askatasunaren aldeko aldarrikapen bat".
Bestalde, Nuria Vega Garberako gerenteak uste du zentroa "moda-, aisialdi- edo kultura-jarduerekin ekintza komunitariorako gune bihurtu dela, eta kirolaren esparruan ere hala izango dela". «Garberan, langileen % 85 emakumeak dira, eta kirolari berriz ekiteko aukera izan dezaten nahi dugu, taldean eta konfiantzazko espazio batean ohitura on horri heltzeko grina izan dezaten".
Running kluba
Era berean, Foru Aldundiko Kirol Departamentuak, Garbera Merkataritza Zentroarekin lankidetzan, Emakumeok Mugimenduan programaren esparruan, ekaina eta azaroa bitartean Running Kluba jarri zuen abian, jarduera fisikoan gutxi aritzen diren eta, oro har, merkataritza-guneko ohiko kontsumitzaileak izaten diren emakume helduentzat.
Bertan, 29 emakumek parte hartu dute, entrenamenduak zuzendu dituen Bidasoa Atletiko Taldeko (BAT) Susana Ruiz atletaz gain. Emakumeen klub horren helburua zen kirol-ohiturak sustatzea, jarduera fisikoaren onurei buruz sentsibilizatzea, eta gure bizitzan jarduera fisikoa areagotzeko ditugun zerbitzuak eta aukerak ezagutaraztea.