Asteartea, 2026.eko Urtarrilak 27
“Ez da kasualitatea leku hau aukeratu izana. Ez gaude pilotaleku batean, ez, itsasoaren ondoan gaude, Donostiako Aquariumean, denboraren arrastoak hitz egiten duen leku batean. Izan ere, gure euskal pilota ere horrela eraiki da: urtez urte, belaunaldiz belaunaldi, isilean askotan, batzuetan zakar, besteetan bizi, tarteka bare, baina etengabeko mugimenduan”. Hitz hauekin zabaldu zuen ekitaldia Iñaki Lizaso GEPFko presidenteak. Atzo aurkeztutako liburua “xumea bezain garrantzitsua“ dela adierazi zuen, Hego Euskal Herrian sortu zen lehen federazioaren historia biltzen duelako, eta urte hauetan guztietan pilatutako istorio, ahalegin eta izen askori lekua egiten dielako: “Itsaso berean bizi diren arrainak bezala, bakoitza bere bidea eginez, baina guztiek norabide bera partekatuz”.
Esker hitzekin jarraitu zuen ondoren: “Euskal pilotaren familia osoari: klubak, pilotariak, epaileak, teknikariak, gurasoak, zaletuak… izandakoak eta gaur egun direnak. Beraiek gabe, federazioa ez zen existitu ere egingo“. Mendeurrenera bildutako babesleak ere gogora ekarri zituen: AMPO, Orona, Rural Kutxa, Aramendia, Danobatgroup, Irizar eta Negua enpresak; Amasa-Villabonako, Azpeitiko, Mutrikuko, Oiartzungo, Ordiziako, Segurako, Usurbilgo, Zestoako, Zizurkilgo eta Zumarragako Udalak; liburua argitaratzeko diru laguntza eskaini duen Real Sociedad Fundazioa; eta bi erakunde, bereziki: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala.
Hala, Roberto Ramajo Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendariari eman zion hitza. “Euskal pilota identitatea, komunitatea, inklusioa, berdintasuna, historia, frontoia, familia da; Gipuzkoa da. Herri bezala definitzen gaitu”, adierazi zuen. Nor garen eta nora goazen jakiteko lehenik gure iragana eta historia ezagutu behar dugula gaineratu zuen Ramajok. Eta GEPFri eskerrak eman zizkion, “euskal pilota merezi duen lekuan jartzeagatik 100 urte hauetan”; “beste ehun urtegatik ere topa egin dezagun”.
“Donostiako Udalaren izenean, Iñaki Gabarain dugu, Donostiako Kirol eta Bizitza Osasungarrirako zinegotzia, mendeurrenean bereziki inplikatu den laguna”, jarraitu zuen aurkezpena Lizasok. “Ohore bat da niretzat gaur hemen izatea”, erantzun zion Gabarainek, eta mendeurreneko ospakizunak bereziak izan direla eta elkarrekin gertutasunez bizi izan dituela gaineratu zuen. “Pilotakada horiek bihotzaren taupadak dira. Gure herriak euskal pilota maitatzen duen bitartean osasuntsu jarraituko du. Eta erakundeek hor egon behar dugu”, azpimarratu zuen zinegotziak. Harentzat, liburua “plataforma bat” da; “atzera begiratuz euskal pilotaren orainan eta etorkizunean jarri behar dugu indarra”.
Eskerrekin amaitzeko, federazioaren mendeurrenaren ospakizunen antolaketa batzordeko kide-lagunak aipatu zituen GEPFko presidenteak: Itziar Lete, Andoni Lertxundi, Daniel Carballo eta Juan Carlos Etxeberria. “Eta liburu hau gaur hemen esku artean egotea ahalbidetu duen Estitxu Eizagirre, liburua zirriborro bat izatera ia iristen ez zenean, bere ardurapean hartu eta bere koordinazio, antolaketa, egituraketa eta zuzenketa lanekin errealitatea bihurtu duena”.
“Euskadiko Euskal Pilota Federazioa ere gonbidatu nahi izan dugu mahai honetara, mendeurreneko ekintzen aurkezpen egunetik bidelagun izan duguna; eta, bereziki, bere presidente Joxe Mari Mitxelena, nire ondoan dudana: aurkezpen egun hartan gurekin izan genuen, gure sorreraz hitz egin zigun eta, ondoren, ekintza dezentetan izan dugu laguntzaile: hainbeste maite dituen joko zuzenen erakustaldietan epaile eta xaxari izan dugu eta gaur aurkeztera hurbildu garen libururako artikulutxo bat idatzi digu”.
Pozik azaldu zen Mitxelena: “Lehen federazio demokratikoaren zuzendaritzan izan nintzen, 1978an. Eta orain mendeurrenean egon ahal izan naiz, eta liburu honen aurkezpenean. Bi ospakizunak bizitzea tokatu zait, eta pribilegiatu sentitzen naiz“. Eskuzko joko zuzenen inguruan idatzi du Mitxelenak liburuan, eta gai hori ere izan zuen hizpide atzoko agerraldian.
Mendeurreneko ekitaldiei, hain zuzen ere, femeridearen eta logo berriaren aurkezpenarekin eman zion hasiera Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak, duela ia urtebete, 2025eko otsailean. Martxoan, euskal pilotaren iruditerian oinarritutako karta-sorta aurkeztu zuen, Daniel Carballok sortua; eta Emakume Pilotarien Jardunaldia antolatu, Azpeitia eta Zestoa artean. Apirilean, bertso saio bat Zumarragako Zelai Arizti aretoan; Maialen Lujanbio, Uxue Fernandez, Asier Azpiroz eta Jexux Mari Irazu bertsolariekin eta Jon Alberdi gai-jartzaileareki, bostek euskal pilotarekin harremana dutenak. Maiatzean, Pilota Egokituko Eguna ospatu zen Oiartzunen, eta Zizurkilen joko zuzenen erakustaldiekin hasi, Pasakako Gipuzkoako Txapelketako finalekin. Ekainean, espezialitate ezberdinak ikusarazteko egunekin jarraituz, Erreminta Eguna izan zen Ordizian, Eskupilota Eguna Donostian eta Zesta-punta Eguna Mutrikun; eta joko zuzenen erakustaldiekin jarraituz, Donostiako Alderdi Ederren Errebotea Bizirik Eguna ospatu zen, eta Seguran boteluze partida bat , ‘Pilotalekuen ondarea eta paretaren mintzoa’ erakusketa eta ‘Euskal pilota historian zehar’ izenburuko hitzaldia. Eta atzoko liburu-aurkezpenarekin bukatu dira ospakizun ekitaldiak.
Bost atal ditu liburuak:
1.’Mendeurreneko ekitaldiak‘: aurretik aipatutako ospakizunen aipamena egiten du.
2. ‘Sasoiko gaude’: hasieran lizentzien eboluzioaren azterketa bat egiten da eta, ondoren, hainbat adituk espezialitate ezberdinei buruz hitz egiten dute:
Uxue Fernandezek, emakumeen pilotari buruz
Joxemari Mitxelenak, eskuzko joko zuzenen inguruan
Mikel Bengoetxeak, erreboteaz
Mikel Uzkudunek, xareari buruz
Iñaki Peluagak, palaz
Miguel Sagarzazuk, paleta argentinarrari buruz
Jon Juanesek, erraketistei buruz
Oidui Usabiagak, Jurgi Olasagastik eta Mikel Merinok, Pilota Egokituaz
Josu Osak, eskupilotaz
Joxemari Barrenetxeak, erremonteari buruz
Jon Iñaki Mendizabal ‘Goixerrik’, zesta-puntari buruz
3. ‘Historia Boteprontoan’: federazioaren historiari egiten zaio errepaso
4. ‘Klubak oinarri’: liburuarekin kolaboratu duten kluben inguruko datu eta argazki batzuk aurki daitezke
5. ‘Txapelketak‘: hainbat txapelketari buruz hitz egiten da: Enrique Abril Errebote Txapelketa, Herriarteko Txapelketa eta lurraldeen arteko txapelketak
Historiari buruzko atala Daniel Carballok idatzi du, eta gai hori izan zuen hizpide atzoko aurkezpenean. Esker oneko hitzak izan zituen, era berean, “herrian herriko lekukotzei eta klub guztiei, egiten duzuen lanagatik; zuek gabe ez litzateke pilota egongo”.
Eta Juan Carlos Etxeberria GEPFko Zuzendari Teknikoak txapelketei buruzko azterketa egin du liburuan, eta hainbat azalpen eman zituen aurkezpenean. “Sasoiko gaude’ du izenburu liburuaren atal batek eta, baikortasunetik begiratuta, iruditzen zaigu hala gaudela”. Lizentzien kopuruari, txapelketei eta azken urteotako bilakaerari erreparatuta egin zituen adierazpenak Etxeberriak. Joanmari Jalon GEPFko lankide ohiarentzat eta Iñaki Peluaga lehiaketa arduradunarentzat esker hitzak izan zituen, “beraien lanarekin emandako laguntza guztiagatik”.
Auzolan eta inplikazio hori eta kluben parte-hartzea azpimarratu nahi izan zituen Lizasok berak ere: “Harro egoteko gaude. Bai liburuarekin bai gainontzeko ibilbidearekin”.
“Ekitaldia bukatu nahiko nuke berriz ere bidelagun izan zareten guztioi eskerrak emanez eta desio bat konpartituz: segi dezagun gure nortasun eta kirolaren alde lan egiten, elkar hartuta, beste hainbeste urtez; eta pilota hotsak ez daitezela inoiz isildu“.
Liburuan jasota dauden Iñaki Artola pilotari profesionalaren ‘Galdu eta irabazi’ izenburupeko bertso sortek jarri zioten azken doinua atzoko aukezpenari.