Astelehena, 2025.eko Martxoak 10
Gipuzkoako Foru Aldundiak kasazio errekurtsoa prestatzeko idazkia aurkeztu du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, urtarrilaren amaieran jakitera emandako epaitzaren aurka. Epai horrek partzialki baliogabetzen du ezarrita dagoen baldintza bat, hau da, 6 eta 12 urte bitarteko adingabeek kirol klub batean izena eman ahal izateko Multikirola programan parte hartu behar dutela.
Idazkian adierazten denez, «aurkaratutako ebazpenaren eragina ez da salaketa jarri duen familiara bakarrik mugatzen, askoz esparru zabalagoa hartzen du, eta milaka ikasleri, kirol klubei, ikastetxeei eta inplikatutako administrazio publikoei eragiten die». 2023-2024 ikasturteko datuen arabera, Multikirolean izena emanda dauden 17.500 ikasleetatik, 11.000 inguru izango lirateke epaitza horren eraginpean.
Orain arte egin den bezala, Kirolaren Legeak ezartzen duena betetzen jarraitzeko konpromisoa hartu da, hau da, "multikirola kirol anitzeko programa bat izatea, espezializazio goiztiarra eta talentuaren ustiapen goiztiarra saihestuko dituena; adingabeen heltze garapena errespetatuko duena eta epe luzeko kirol jarduera fisikorako ohitura oinarri sendoak ezarriko dituena; eta koordinazioa, gainkargak eragindako lesioen prebentzioa eta interes eta trebetasun berrien aurkikuntza bultzatuko dituena", gogorarazi du Goizane Álvarez Kiroletako diputatuak.
Ildo horretan, “2023ko Kirolaren EAEko Legearen printzipioekin bat datorren eredua da, kirol minoritarioak sustatzen dituena, ekosistema anitza bermatuz eta haur bakoitzaren aukerak zabalduz haurrei bizitzarako konpetentziak irakasten dizkiena jolasa eta dibertsioa oinarritzat hartuta, eta emaitzak, lehiaketak edo talentua alde batera utzita; eredu solidarioa, integratzailea eta ikastetxeak erdigunean jartzen dituena, guztientzat irisgarriak direlako eta lehiaren presio eta estresik kanpo daudelako" adierazi du amaitzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eskola kirola hobetzeko eta oinarrizko kirolaren esparruan eredu bakar horretan parte hartzen duten milaka ikasleri laguntzeko duen konpromisoa berresten du, eta Auzitegi Gorenak gai hori argitu dezan espero du, Gipuzkoako eskola kirolaren programaren egonkortasuna eta jarraipena bermatzeko.
sd eibar b 2
tudelano 2
real ciencias la carloteña 31
arquitectura s23 8
atlético san sebastián 4
centro natación helios 3
berriozar cf 1
oiartzun ke 1
tolosa cf 1
mulier cd 0
real madrid 3
real sociedad 0