Asteazkena, 2025.eko Maiatzak 28
Gipuzkoan ez da derrigorrezkoa kirola egitea, baina egiteko modu bat dago. Eta egiteko modu hori erabat lerrokatuta dago ikerlariek lortutako ebidentzia zientifikoarekin, eta baita kirol-hastapenaren oinarriak finkatzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-legearekin. Gure ereduan sinesten dugu, eta 30 urteko ibilbidearen emaitzek honen arrakasta berresten dute.
Kirola egitea positiboa dela sinetsita dago gizartearen gehiengoa, baina kirol-praktikaren izaerak baldintzatzen du kirolak haurraren osasunean, kirol-ohituretan, garapen integralean eta kirol errendimenduan duen eragina. Horiek guztiak kontuan hartuta landu du Foru Aldundiak kirol-hastapen eredua, ezagutza horiek oinarri hartutako politika.
Gipuzkoako Eskola Kirolaren ereduari hainbat helburu ezarri zaizkio, eta betekizun horiek gauzatzeko ezinbestekoa da muga batzuk jartzea.
Muga horiek, bereziki, kirol espezializazio goiztiarra ekiditera bideratu dira, adituen hitzetan, kaltegarria delako lehen aipatutako baldintza horiek betetzeko, hau da, haurren osasunerako, kirol ohiturak sustatzeko, garapen integrala behar bezala emateko eta kirol errendimendurako. Oro har, gizarteak ez ditu muga horiek zalantzan jartzen, gehienontzat ez baita egokia 4 urteko haur batek asteko 7 egunetan 100 km egitea entrenatzera joateko. Baina liberalizazioarekin, globalizazioarekin, merkantilismoarekin eta indibidualismoarekin lerratzen diren ideiak eta jokabideak geroz eta ohikoagoak dira baita gure artean ere, eta haur guztien interesak babestu nahi dituzten muga horiek talka egiten dute korronte horrekin, bereziki, familia eta haurren askatasuna aldarrikatzen dutenekin.
Horren erakusle da, besteak beste, muga horiek auzitan jarri izana, hau da, eredua bera zalantzan jartzea. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren 19/2025 Epaiak atzera bota du, familien eta haurren askatasunaren izenean zein Euskal Erkidegoko lurraldeen homogeneizazioaren izenean, 12 urtetik beherako gazteek klubetan egiten duten jarduera ikastetxeko Multikirola Programaren osagarria izateko derrigortasuna, eta adierazi du ezarritako derrigortasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoari eta Kirolari buruzko 2/2023 Legean ezarritako lehentasun-izaeraren aurkakoa dela.
Emaitza berantiarren arrakasta
Erkidegoko kirol legea bat eta bakarra bada ere, araugintza ezberdina garatu da EAEko lurralde historiko bakoitzean, eta horren bidez, Gipuzkoako eredua ezberdina da. Hala ere, ez da kirol-hastapena arautzen duen lurralde bakarra. Arlo federatuaren kezka izan ohi da, hasierako adinetan eta gainontzeko lurraldeekin alderatuta, Gipuzkoako kirol-emaitzak ez direla onak. Eta hala da: Gipuzkoak, oro har, ez ditu Espainiako txapeldunak diren alebin eta infantil kategorietako gazteak. Baina eredu berantiar honetan, emaitzak kadete mailatik aurrera irits ohi dira, eta horren erekusle da errendimenduko kirolean eta Olinpiar Jokoetan erregistratutako kirolarien datuak. (esteka). Horrez gain, biztanleriaren kirol-ohiturei erreparatzen badiegu eta Munduko Osasun Erakundeak jarduera fisikoaren inguruan emandako gomendioei dagokionez, Gipuzkoako datuak oso esanguratsuak dira.
Beraz, zer egiten dugu ezberdin Gipuzkoan, beste lurraldeekin alderatuta, datu positibo horiek lortzeko?
Egoera ikusita, Eskola Kirola ereduari buruzko ponentzia abian da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Batzar Nagusietan. Bi helburu nagusi ditu: alde batetik, Multikirola programaren finantzaketa-azterlana, eta bestetik, etorkizuneko agertokiak aurreratzea, kirol-hastapeneko eredu inklusibo, solidario eta kalitatezkoa babesteko. Maiatza eta ekaina bitartean, Eskola Kiroleko ekosistemaren parte diren hainbat eragile gonbidatuko dira ereduaren inguruan duten ikuspegia partekatzera eta, haiek emandako informazioarekin, eredua indartzeko proposamenak eta erronkak adostuko dituzte ordezkari politikoek. Batzar Nagusietako saioak lotura honetan egongo dira ikusgai, nahi duenarentzat.
Gipuzkoako Foru Aldunditik, haur guztien ongizatea eta interesa ardatz dituen Eskola Kirola eredua eraikitzeko lanean jarraituko dugu.
real sociedad b 1
gimnàstic de tarragona 2