Astelehena, 2026.eko Martxoak 2
Aste honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentua bilerak egiten hasiko da eskualdez eskualde, udalekin, ikastetxeekin, federazioekin eta kirol klubekin, Multikirola kirol anitzeko hastapen programaren (MK) egoera berria azaltzeko. Programa hori foru aginduan jasota egon arren, praktikan, 2026-2027 ikasturtean jarriko da abian.
Multikirolak hogeita hamar urte baino gehiago daramatza Gipuzkoan erreferentziazko eredu izaten eta etapa berri batean sartu da legegintzaldiaren hasieran abiatutako berrikuspen prozesu baten eta bi epai judizialen ondoren, Goizane Álvarez Kiroletako diputatuak 2023an Batzar Nagusietan egindako lehen hitzaldian azpimarratu zuen bezala.
Foru agindu berriak bere horretan utzi ditu Gipuzkoako ereduaren ezaugarri izan diren pedagogia, ekitate eta inklusio printzipioak, baina funtsezko elementu bat behar du programa arrakastatsua izaten jarraitzeko, Batzar Nagusietako talde guztiek babesten dutena iaz egindako hitzaldiaren ondoren: «Arrakasta eredu honi eusteko erantzukizuna guztiona izango da orain; izan ere, datorren ikasturtetik aurrera, programaren funtzionamenduak eragile guztien inplikazio erantzunkidea beharko du. Konpromiso horren mende dago adingabeek hainbat kirol hartzen dituen kirol hastapena izatea, osasungarria eta espezializazio goiztiarretik urrun dagoena", gogorarazi du Álvarezek, eta elkarlana eta konpromiso partekatua eskatu ditu Gipuzkoak arlo horretan erreferente izaten jarrai dezan.
Garatuz doan eredu finkatua
Lehenengo bilera ostegunean izan da, Eibarren, eta Debabarreneko entitate guztiak zeuden deituta. Bertan, Kirol Departamentuko ordezkariek programa zer egoeratan dagoen eta datorren ikasturtetik aurrera, foru arauan egindako aldaketak abian jartzen direnean, zer behar sortuko diren jakinarazi zieten bertaratuei.
Multikirola ikuspegi argi batekin sortu zen: espezializazio goiztiarra saihestea; ikaskuntza motorrari eta garapen integralari lehentasuna ematea; ekitatea, inklusioa eta irisgarritasun ekonomikoa bermatzea; eta kirolarekiko atxikimendua sustatzea, epe luzerako bizimodu osasungarri gisa.
2026. urtea foru arauan egindako aldaketekin hasi zen. Aldaketa horiek, oro har, hiru gairi eragiten diete: finantzaketa, programazioa eta muga geografikoa. Horrela, Aldundiak homogeneizatu egiten ditu familien kuotak: tarifa bakarra egongo da, urtean 60 eurokoa, eta doakoa izango da premia bereziak dituzten familientzat. Bestalde, multikiroleko eta kirol eskoletako programazioan egon beharko da astean, gutxienez, entrenamenduko egun bat eta asteburuan topaketa/lehiaketako egun bat (1+1), eta, gehienez ere, entrenamenduko bi egun eta astean topaketa/lehiaketako egun bat (2+1).
Mugikortasuneko berritasunei dagokienez, benjaminek (8-9 urte) beren eskualdeko klubetan egin ahal izango dituzte entrenamenduak; topaketak, berriz, lurralde osoan egin ahal izango dira. Alebinen kasuan (10-11 urte), joko eremua Gipuzkoa osoa izango da. Nolanahi ere, salbuespenak daude kirol modalitate minoritarioen kasuan; halakoetan, topaketa/lehiaketarako eskubidea bermatuta ez badago, eremu geografikoa handitu egin ahal izango dute, betiere Aldundiari jakinarazi ondoren.
Hala, 2026-2027 ikasturtean, lurraldeko kirol hastapenean inplikatutako eragile guztiek erantzukizun partekatua izan beharko dute. Aldundiaren kasuan, Kirol Departamentuak bere gain hartuko du programaren kostuaren % 85 (2,4 milioi euro 2026an, eta 4,2 milioi euroko kreditu konpromisoa 2027an), eta, horrela, familiek programaren kostuaren % 15 hartuko dute beren gain. Gainera, foru administrazioak koordinazio orokorra eta programazioa mantentzeko ardura izango du, eta araudia betetzen dela eta bi kirol ibilbideen (multikirola eta kirol eskola) arteko bizikidetza orekatua bermatuko du.
Udalen kasuan, koordinazio operatiboa eta finantzaketa hartuko dituzte beren gain; eta kirol espazioen erabilera arautuko dute, Multikirolak eta kirol eskolek elkarri trabarik egin ez diezaioten. Hori dela eta, adi egon beharko dute adingabe batek ere ez dezan aukeratu beharrik izan multikirola egin edo kirol eskolako jardueretan parte hartu, ordu berean direlako, edo ez dezatela bere taldekide batzuen hutsunerik jasan behar izan, kirol eskoletako entrenamenduekin edo topaketekin batera egokitzen direlako.
Ikastetxeek, bestalde, zuzenean kudeatuko dute Aldundiak Multikirola programa abian jartzeko esleitzen dien dirua. Era berean, familien kuotak kudeatuko dituzte. Gainera, beharrezkoak diren kirol espazioak eskaini beharko dituzte, eta programa beren plangintza tresnetan txertatu beharko dute (Hezkuntza Proiektua, Urteko Programazio Orokorra eta Bizikidetza Proiektua). Ildo horretan, 2026ko maiatzean irekiko da Foru Aldundiaren dirulaguntza jasotzeko eskaera egiteko epea.
Azkenik, kirol kluben kasuan, indarrean dagoen foru aginduan ezarritakoa bete beharko dute, eta modu aktiboan lagundu beharko dute erantzunkidetasunean oinarrituta.
Hurrengo bilerak hauek izango dira: martxoaren 5ean, Azpeitian, Urolako entitateentzat; 10ean, Irunen, Bidasoa eta Oarsoaldekoentzat; 24an, Tolosan, Tolosaldeko agenteentzat; 26an, Beasainen, Goierriko entitateentzat, eta 31n, Donostian, Donostialdekoentzat. Gainera, hilean zehar beste zazpi bilera egingo dira kirol arloko federazioekin eta eragile espezifikoekin.
real sociedad de fútbol b 2
tolosa cf 1
arenas club 1
hernani cd 4
jarrilleros elias vision y audición 1
mondrate cd 3
san juan ad
sd eibar
ca osasuna
vasconia cd
villarreal cf 3
real sociedad de fútbol 1