Asteazkena, 2025.eko Urriak 29
Abian da Gipuzkoako kirolaren festa handia. Gaur goizean aurkeztu da ofizialki Kirolgala 2025, datorren azaroaren 13an Tabakaleran 19:00tan ospatuko dena, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak antolatuta. Hitzordua, aurten ere, kirolarien, kluben eta erakundeen talentua, ahalegina eta grina aitortzeko gune bat izango da, euren lanarekin eta konpromisoarekin Gipuzkoako kirola indartzen eta distira ematen laguntzen baitute.
Aurkezpenean parte hartu dute Goizane Álvarez Kultura eta Kiroletako diputatuak, Esther Arrojeria Bera Bera eskubaloiko jokalari ohiak, Alex Txikon mendizaleak eta Endika Martín Benavides Eulen Taldeko iparraldeko arduradunak.
Kultura eta Kiroletako diputatu Goizane Álvarezek azpimarratu duenez, "Kirolgala gure kirolarien bikaintasuna eta konpromisoa ospatzeko unea da, baita kirola Gipuzkoan kohesiorako, berdintasunerako eta ongizaterako tresna izatea ahalbidetzen duten hainbat eremutako pertsona guztiena ere. Gipuzkoako kirolak ez ditu mugak eta desberdintasunak ulertzen: udalerri handietatik hasi eta herri txikienetaraino, herritar guztiek kirola egiteko, gozatzeko eta bere egiteko aukera berdinak izatea bermatu nahi dugu. Izan ere, hori da kirola ulertzeko dugun modua: eskubide gisa, berdintasunerako espazio gisa eta lurraldea eta komunitatea lotzen dituen indar gisa".
Distira Saria, Esther Arrojeria eta Alba Menéndez: Super Amara Bera Berako jokalari ohiek kirol-bizitza osoa eman dute talde gipuzkoarrean, dena irabazi dute eta emakumezkoen eskubaloian benetako erreferente bihurtu dira. Esther Arrojeria usurbildarrak 24 titulu lortu ditu bere palmaresean, eta klubeko golegile historiko handienen artean dago. Alba Menéndez zarauztarrak talde donostiarrak irabazi dituen 25etan parte hartu du. Bien erretiroak etapa bikain baten amaiera markatzen du, eta aukera eskaintzen du beren ibilbideagatik, emakumezkoen kirolarekiko konpromisoagatik eta Gipuzkoako jokalari belaunaldi berrientzat eredu izateagatik merezi duten omenaldia egiteko.
Gizonezkoen Gipuzkoa Saria, Alex Txikon:Txikon euskal mendizaletasunaren ordezkari bikaina da, eta, doan lekura doala, Gipuzkoaren izena harrotasunez darama. Goi mailako espedizioez gain, Azpeitiko Mendietxe Museoa asmo handiko proiektuaren buru da, mendiko kultura herritarrei hurbiltzea eta euskal alpinismoaren memoria zaintzea helburu duen espazioa. Natura, kultura eta hezkuntza batzen dituen proiektua, Kultura eta Kirol Departamentuak sustatzen dituen balioekin bat datorrena.
Enpresa Saria, Eulen Taldea: Gipuzkoako kirolarekin eta pertsonen ongizatearekin duen konpromisoagatik nabarmendu dute. Eulen Taldea Gipuzkoako txirrindularitzarekin, bereziki Zarauzko Jira Bira taldearekin, izan duen lankidetza estuagatik saritua izan da. Sari honekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak kirola berdintasun, inklusio eta osasun komunitarioko espazio gisa sustatzeko izan duen inplikazioa aitortzen du.
Esther Arrojeria adierazi du “Sari oso berezia da hau. Bizitza erdia eman dugu eskubaloian, Bera Beraren kamiseta harrotasunez eramanez. Pribilegioa izan da, gainera, emakumeen kirolak izan duen bilakaera handia lehen pertsonan bizitzea, eta horrek ere ardura izugarria ekarri digu: belaunaldi berrientzat erreferente eta eredu izatearena. Eboluzio hori pertsona askoren lanari eta konpromisoari esker izan da posible, emakumeen kirolaren aldeko apustua egin baitu beti, eta emakumeei kirol arloan merezi duten lekua ematearen aldekoa. Emakumeen kirolak azken urteetan lortu duen indar eta errekonozimendu berarekin hazten jarraitzea nahi dugu”.
Azkenik, Alex Txikon “oso pozik nago sari honengatik, nahiz eta bere atzean jende asko egon. Gauza bera gertatzen da Mendietxea proiektuarekin: ez da nirea bakarrik, posible egiten duten pertsona guztiena baizik. Nahiz eta ni izan aurpegia, aitortza hau kolektiboa da. Kultura eta Kirol departamentuari ere eskerrak eman nahi dizkiot proiektu hau babesteagatik. Helburu nagusietako bat, hain zuzen ere, emakumeak mendizaletasunean duen papera balioan jartzea da.”
Aurreko edizioetan bezala, herritarrak ere protagonista izango dira: gaurtik aurrera, Gipuzkoarren Sariaren hautaketan parte hartu ahal izango da, online bozketa bidez, esteka honetan: