Astelehena, 2020.eko Martxoak 30
Harkaitz Millán: “Gaur egungo larrialdi sanitarioaren egoeran, beharrezkoa da zuhurtzia izatea eta eskola eremurako hartu diren prebentziozko neurriekin bat jokatzea“.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak, Eusko Jaurlaritzak eskolako kirola eteteko hartu zuen erabakia eta lurralde mailatik gorako kirol federatuak hartu zuen dinamika aintzat hartuz, martxoaren 12an erabaki zuen 15 egunerako etenik uztea eskolako kirola (lehiaketak eta entrenamenduak) eta kirol federatua. Geroago, 463/2020 Errege Dekretuak, martxoaren 14koak, COVID-19ak eragindako krisi sanitarioa kudeatzeko alarma egoera deklaratzekoak, besteak beste xedatu zuen aurrez aurreko hezkuntza jarduera etenik uztea, kirol jardueretarako aretoen irekiera ere etenik uztea eta pertsonen zirkulazio mugikortasuna mugatzea. Gainera, xedatu zuen, baita ere, baldintza eta epe administratiboak (dirulaguntzenak, baimenenak…) etetea, eta epeen konputua ostera hasiko dela Errege Dekretuaren edo berorren luzapenen indarraldia amaitzen den unetik aurrera. Diputatuen Kongresuak, 2020ko martxoaren 25eko datarekin, alarma egoera luzatzea onetsi du beste 15 egunetarako, hau da, 2020ko apirilaren 11 arte. Beraz, Diputatuen Kongresuaren erabaki horren arabera, gutxienez data horretara arte etenik jarraitzen dute Gipuzkoako eskola kiroleko eta kirol federatuko jarduera guztiak. Eskola kirolaren jardueta abian jartzea, COVID-19ak eragindako larrialdi sanitarioaren egungo egoeraren esparruan hartzen diren neurrietara baldintzatua egongo da, batez ere ikastetxeei buruz hartzen diren erabakietara baldintzatua, hain zuzen. Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentua harremanetan dago lurraldeko kirol arloko eragileekin, krisia Gipuzkoako kirolean izaten ari den eraginaren jarraipena egiteko. Aldundiaren Kirol Zerbitzua eta eskualdeetako kirol bulegoak lanean ari dira, edozein kontsulta edo behar atenditzeko bide telematikoz edo telefonoz. Aurrez aurreko arreta suspendituta dago. Informazio gehiago web orrian dago eskuragarri: www.gipuzkoakirolak.eus.