Batzarrak gogora ekarri ditu Brightoneko Aitorpena, Helsinkiko Gomendioak eta Berlingo Memoranduma, horiek guztiek beste mota bateko kirol kultura aldarrikatzen baitute, non gizon eta emakumeak berdintasunean izango liratekeen kirola egin eta kirol alorrean jardun eta erabakiak hartzeko.
Gogora ekarri du, baita ere, UNESCOk 2001ean Atenasen egindako Aitorpena emakumeei eta kirolari buruz.
Pozez agurtu du Europar Legebiltzarrak 2003ko ekainean hartu zuen ebazpena emakumeei eta kirolari buruz.
Bere egin du CIOk hartutako ebazpena Emakumeei eta Kirolari buruzko Mundu Konferentziaren hirugarrenean, "Estrategia berriak, Konpromiso berriak" izenburupean Marrakexen (Marokko) 2004ko martxoan egindakoan.
Bere egin ditu "2004, Kirolaren bidezko Heziketaren Urte Europarraren" printzipioak.
Aitortu du gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko egin den aurrerakada nabarmena "European Women and Sport" (EWS) sarea sortu zenez geroztik, nahiz eta hauteman duen oraindik badaudela erronka irabazi gabeko batzuk kirolean bi sexuen ordezkaritza orekatua lortzeko:
- berretsi du demokraziaren balioa kirolean berdintasunaren kultura sortzeko,
- dei egin die europar herrialde guztiei kirolean berdintasunaren printzipioa lantzera,
- berretsi du ezinbestekoa dela sinergia, lankidetza eta koordinazioa umotzea bai erakunde europar eta nazionaletan, gobernukoetan nahiz gobernuz kanpokoetan, eta baita emakumezkoen kirol alorraz arduratzen diren olinpiar erakundeetan ere.
Erantzukizun eta erabakimenean gizonen eta emakumeen partaidetza orekatua izan dadin, Batzarrak:
- dei egiten die bai kirol-erakunde europar eta nazional guztiei bai gobernuei eraman dezaten demokrazia testuinguru guztietara eta proposa dezaten behar bezainbeste programa gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko eta erabakitakoaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko.
- gomendatzen die kirol erkidegoei egutegi zehatz bat presta dezaten kirol alorrean emakumeen borondatezkotasunari sarbide emateko,
- akuilatzen ditu Europar Batasuneko estatu kideak betetzera Emakumeei eta Kirolari buruzko Europar Legebiltzarraren Ebazpena eta gauza bera egin dezaten eskatzen die Kirolari buruzko Europar Batzarreko eta Europar Kontseiluko eskatu kideei,
- babesa ematen dio europar konstituzio berrian kirola ofizialki aitortzeari. Eskatzen die konstituzioa egikarituko dutenei beren politiketan sar ditzaten demokraziaren eta berdintasunaren printzipioak eta babes ditzaten kirola eta hezkuntza fisikoa gizarteratzeko programak,
Demokratizazioa sendotu dadin eta, beraz, emakumeek kiroletarako sarbide izan dezaten, Batzarrak:
- dei egiten die bai kirol-erakunde europar eta nazional guztiei bai gobernuei berrikus ditzaten beren garapen politikak eta programak, finantza laguntzak gizonen eta emakumeen artean egokiago banatu eta, hartaz, kirol praktikaren ate guztiak denei zabaltzeko,
- eskatzen du kultur dibertsitatea kontuan hartuta aukera berdinak ematea mutil nahiz neska orori eta emakume nahiz gizon orori, bakoitzak egin dezan bere aukerako kirola, eta europar estatu guztiei dei egiten die kirol diskriminazioko adierazpide guztiak borrokatzera,
- berriz azpimarratzen du komunikabideek berdintasunez jokatu behar dutela kirol eliteko emakumezkoekin eta gizonezkoekin, bai ikuspuntu kuantitatiboaren bai kualitatiboaren aldetik, eta kirol-erakunde nazionalei dei egiten die alor horretan egindakoaren jarraipena egitera.
Heziketa kirolaren bidez eta kirolaren baitan ondu dadin, Batzarrak:
- azpimarratzen du heziketa fisikoak duen garrantzia eskola curriculumean nesken eta mutilen arteko berdintasuna ziurtatzeko eta kirola egitea bizitza osora luzatzeko; dei egiten die europar estatuetan heziketaz arduratzen diren instantziei, sexu ezaugarriak kontuan hartuta erabaki ditzaten heziketa fisikoko programak,
- dei egiten die gobernuko eta gobernuz kanpoko agentziei, kirolaren eta heziketa fisikoaren erakunde zientifikoei, unibertsitateei eta kirol federazioei, mantendu eta sendotu ditzaten prestakuntza profesionaleko programak kirol kudeaketan, entrenamenduan, arbitrajean eta kazetaritzan, eta kontuan har ditzaten sexu ezaugarriak kiroleko eginkizun desberdinetara emakumeari sarbide emateko:
- bultzatzen ditu Europako kirol mugimenduak, nola olinpiarrak hala para-olinpiarrak, mentoring-ako ikastaro eta programak lantzera, emakumeek beren lekua har dezaten borondatezkotasunaren maila guztietan, nola tokian tokikoetan hala nazioartekoetan.
Parisen (Frantzia) 2004ko apirilaren 23tik 25era egin den Emakumeari eta Kirolari buruzko Seigarren Europar Batzarrera etorritako 33 herrialdeetako 275 ordezkariek ekintza aldarri hau egiten die erakunde garrantzitsuenetako, nola nazionaletako hala nazioartekoetako, gizon eta emakumeei, eta bereziki erakunde eta gizon-emakume hauei:
- Nazioetako eta lurraldetako kirol erakundeei, nazioetako batzorde olinpiar eta para-olinpiarrei eta kirol, gazteria eta hezkuntzako ministro arduradunei.
- Kiroletako Europar Erakunde Gobernuz Kanpokoari (ENGSO), Europako Batzorde Olinpiarrari (EOC) eta Europako kirol federazioei.
- Heziketa fisikoaren erakundeei eta kirol zientzietakoei.
- Kiroletako Europar Batzarrari (ESC).
- Europar Kontseiluko Kirol Garapenerako Batzordeari (CDDS).
- Europar Batasuneko erakundeei (EB).